Agirrebidea, 2 · 20570 BERGARA  (Gipuzkoa) · Tel.: 943 899 270
ikaslan-gipuzkoa-logo migual-altuna-logo-fp

“LH DuaLa Euskaraz” aitortza ekitaldia Miguel Altuna Lanbide Heziketan

“LH DuaLa Euskaraz” aitortza ekitaldia izan genuen Miguel Altuna LHIIn pasa den otsailaren 18an. Euskararen erabilera zabaltzeko ahaleginean erreferente diren Gipuzkoako lantoki eta Lanbide Heziketako ikastetxe eta ikasleei beraien jarduna aitortu zitzaien. Ekitaldian Gipuzkoako Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Lanbide Heziketako Sailburuordetzak eta Hizkuntza Politika Sailburuordetzak eta LANEKI elkarteko ordezkariek parte-hartu zuten, Gipuzkoako diputatu nagusia, Markel Olano, buru zutela.

Bertan izan ziren, baita ere, Ainitze Blanco (Lanekiko presidentea), Nicolas Sagarzazu (Hezkuntza Saileko Lanbide Heziketako Sailburuordetzako Plangintza eta Antolaketako zuzendaria), Josune Zabala (Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politika Sailburuordetzako Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako zuzendaria), Jabier Larrañaga (Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko diputatua) eta Garbiñe Mendizabal (Hizkuntza Berdintasuneko foru zuzendaria).

*EKITALDIAREN ZUZENEKOA IKUSTEKO BIDEOA

*Ikasle, ikastetxe eta lantokien esperientziaren berri

Ekitaldian, “LH DuaLa Euskaraz” markapean ari diren erakundeetako zenbait ordezkariren presentzia ere izan zen, eta beraien egunerokoa nola bizi duten publikoarekin partekatu zuten. LH Dualean ikasle, ikastetxe eta lantokiek parte hartzen dute eta egindako solasaldian honako ordezkaritzak hartu zuten parte:

  • Irene Souto, Mondragon Goi Eskola Politeknikoko ikaslea.
  • Olatz Izagirre, Mondragon Goi Eskola Politeknikoko tutorea.
  • Joxu Arana, Miguel Altuna Lanbide Heziketako Institutu Integratuko zuzendaria.
  • Eider Landa, Copreciko Euskara Batzordeko kidea.
  • Antton Mirena Mendizabal, Goizper-Group-eko Giza Baliabidetako zuzendaria.

 *Goizper Group, Astigarraga Kit Line eta VIVEbiotech, sarituak

Egindako lanaren errekonozimenduari ere tarte garrantzitsua eskaini zitzaion ekitaldian. Lehenik eta behin, Egunean Behin lehiaketaren sari banaketa egin zuten. Izan ere, jokoaren olatuarekin bat eginez, “LHduala Euskaraz” taldea sortu eta Gipuzkoako lanbide heziketako ikasleekin jokatu da lehiaketa hori. Gipuzkoako 750 gaztek parte hartu dute galdera-erantzunen lehiaketan eta astero irabazle bat izan da.

Hain zuzen ere, ikasle hauek izan dira sarituak: Iñaki Olasagasti (Don Bosco), Haizea Alberdi (Elgoibar IMH), Idoia Ruiz (Don Bosco), Oier Mendez (Tolosaldea LH Institutua), Ane Tubia (UNI Eibar-Ermua), Aitor Duo (Elgoibar IMH).

Jarraian, LH Duala euskaraz egin dadin lantokiek ematen duten zerbitzua errekonozitzeko unea iritsi zen, eta horretarako kontuan izan ziren ikasleen “LH DuaLa Euskaraz” urte batean baino gehiagotan egin izana, LH Dualean izandako ikasle horietako batzuk enpresan bertan lanean geratu izana eta “LH DuaLa Euskaraz” egiten den lantokien izaera anitza. Aurtengoan errekonozitutako lantokiak GOIZPER GROUP, ASTIGARRAGA KIT LINE eta VIVEbiotech izan ziren. Oroigarria jaso zuten, enpresa horien izenean, Maria Sanchezek, Aitor Gilek eta Gurutz Linazasorok, hurrenez hurren.