Zazpigarren aldiz egingo dira Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza, ZTB jardunaldiak. Atzo, urriak 18, aurkeztu zen aurtengo egitaraua Laboratorium Museoan. Urriaren 19tik azaroaren 21a bitarte egingo dira jardunaldiok. Jardunaldien inguruko informazioa ztbergara.eus webgunean egongo da eskuragarri.
Bergarak historian zehar, eta bereziki XVIII. mendean, Errege Seminarioaren bitartez zientziarekin eta dibulgazioarekin izan duen lotura ekarri zuten gogora eta antolaketako elkarlanak balio erantsia ematen diotela jardunaldiei aipatu zuten, izan ere 17 eragilek hilabete luzez jardun dute lan-taldean ekarpenak eginez.
Pertsona guztiei zientzia gerturatzea, edota pertsonak “zientziaratzeak” duen garrantzia nabarmendu zuten, hori baita, hain zuzen ere, jardunaldi hauetan lantzen dena.
Iazko osasun egoerak bultzatuta hainbat saio streaming bidez eman ziren. Horrek aukera eman zuen bestela helduko ez ginen pertsona batzuengana heltzeko. Balorazio ona izan zuen iaz, eta aurten ere Seminarixoko saioak zuzenean ikusteko aukera egongo da. Edukiera mugak zabaldu badira ere, jendeari gomendatzen zaio aurrez izena ematea, Laboratoriumen, telefonoz edo emailez (943 76 90 03 edo laboratorium@bergara.eus).
Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Jardunaldiak 2021 EGITARAUA.


