Agirrebidea, 2 · 20570 BERGARA  (Gipuzkoa) · Tel.: 943 899 270
ikaslan-gipuzkoa-logo migual-altuna-logo-fp

‘Harixa’ren balorazio positiboa egin dute urteko batzarrean

Euskara enpresa munduan hedatzeko asmoz, Bergarako Udalak ‘Harixa’ egitasmoa jarri zuen martxan 2022 urte bukaeran. Orain, berau sortu eta urtebetera, ekimenaren lehen Batzar Orokorra ospatu dute asteazken honetan 24 enpresek eta eragile ezberdinek. Bertan, orain artean emandako urratsen balorazio positiboa egin dute partehartzaileek, enpresa ezberdinetan egindako diagnostikoa entzun eta ekintza planen aipamena egin ostean.

Izan ere, proiektu honen bitartez, Udalak eta herriko 37 enpresa, talde eta eragilek euskara sustatzeko konpromisoa hartu zuten. Orain Bergarako egitasmoa erreferentziatzat hartuta, Debagoiena osorako plan bat egiteko proposamena lantzen dihardute Jaurlaritzak eta eskualdeko Mankomunitateko udalek.

14.739 biztanle dituen herria izanik, %67,8a euskalduna da Bergaran. ‘Harixa’ri dagokionez, 546 langilerengan du eragina, eta bertatik 397k daukate euskaraz aritzeko gaitasuna (%72,7a).

Aurrera begira, hainbat proposamen aurkeztu ziren Batzar Orokorrean, besteak beste, gune ezberdinetan garatu ahal izateko proposamenak, esaterako, sentsibilizazio kanpaina orokorrak edota lan arloan zein arlo akademikoan txertatzeko proposamenak.

Miguel Altuna Lanbide Heziketako ikasleen hizkuntza aukeren diagnostikoa ere egin da denbora tarte honetan, eta horrek arlo horretan egitasmo osagarriak bideratzeko aukera zabalduko du, enpresetatik langile euskaldunak jasotzeko eskaria handitu baita, partehartzaileen arabera.