Guztira EAEko Lanbide Heziketako 41 ikastetxeetako 146 ikaslek hartu dute parte aurten txapelketan (19 modalitatetan lehiatuz) eta tartean, Miguel Altuna Lanbide Heziketako ikasleek hainbat sari jaso dituzte, parte hartutako 4 txapelketatik, zilarrezko 1 Mekatronikan eta 3 brontzeko, Robotika Kolaboratiboan, Instalazio Elektrikoak eta Mekatronika alorretan:
*Instalazio Elektrikoak alorrean: Mikel Sanchez Petit-ek hirugarren postua lortu du.
*Mekatronika alorrean: Endika Bengoa eta Unai Asulak bigarren postua lortu dute eta Mikel Zubizarreta eta Josu Gorritik hirugarren postua.
*Robotika Kolaboratiboan, Iker Ortiz de Urbina, 3. postua lortu du.
*CNC Fresaketan, Ekain Larrea.
Trebetasun profesionalak
EuskoSkills lehiaketan parte hartzen duten ikasleek frogatu behar izan dute ikasten ari diren heziketa-zikloaren berezko trebetasunak eta gaitasunak menperatzen dituztela eta, horretarako, zenbait proba bete dituzte egun eta erdian. Hala ere, EuskoSkills txapelketan, lanbidearen edo sektorearen gaitasun teknikoez gain, ikasleak proba amaitzeko baliatu behar dituen zeharkako beste gaitasun batzuk ere baloratzen dira. Ikaslea eroso dagoen eremutik ateratzen da, bere balio profesionala eta pertsonala erakusteko.
Ekimen honen helburu nagusia da, txapelketen bidez, jabetzea gaitasunek eta konpetentzia-maila handiek funtsezko ekarpena egiten dutela arrakasta profesionala lortzeko eta nork bere burua garatzeko. Era berean, EuskoSkills txapelketa aukera paregabea da Lanbide Heziketaren eta bere lanbide-arloen aniztasuna euskal gizartean sustatzeko. “Lanbide Heziketako olinpiada” hauetan parte hartzea, halaber, motibazio berezia da ikasleentzat ere, eta bilgune egoki bihurtzen da Euskadiko beste ikastetxe batzuetako ikasleekin elkarbizitzeko eta harremanak estutzeko.
Kategoria bakoitzeko ikasle irabazleek Euskadi ordezkatuko dute datorren martxoan Madrilen egingo diren SpainSkills estatuko txapelketetan. Eta bertan irabazle suertatzen badira, EuroSkills txapelketetan eta munduko txapelketetan (WorldSkills deiturikoan) lehiatu ahal izango dira.


