Azaroan zehar hainbat ekintza burutu ditugu Miguel Altunan genero berdintasunari loturikoak. Azaroaren 11n, ZTB 2020 Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzari loturiko jardunaldien barruan, Scape Room Teknologikoa izan genuen 10-16 urte bitarteko gaztetxoekin. Jolas honen helburua, gela barruan erronka ezberdinak burutuz (guztiak ere teknologiarekin zerikusia zutenak izan ziren: Elektrikoak, pneumatikoak, hidraulikoak, etab.) gelatik irtetea lortzea zen. Guztira 40 pertsona baino gehiagok parte hartu zuten eta oso jarduera aberasgarria izan zen.
Horretaz gain, Bergarako Udalaren laguntzari esker eta LHL elkartearekin lankidetzan, martxan dugun Haurrekin Etorkizuneko Balioak lantzen egitasmoaren barruan, berdintasunean sentsibilizatzeko ekintzak antolatzen ari gara datozen asteotarako: Batetik, Bergarako ikastetxe ezberdinetan sentsibilizazio jardunaldiak egingo ditugu, STEAM alorrean berdintasunez aritzearen garrantziaz kontzientziatzeko. Eta bestetik, 10-18 urte artekoekin lan egiten duten hezkuntzako langileei zuzenduriko eta adin tarte horretako seme-alabak dituzten familiei zuzenduriko on-line formazio saioa ere antolatzen ari gara.
Laster izango da informazio guztia eskuragarri.
Azkenik, Azaroaren 25ean, Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko egunean, ikastetxera heltzean gometxa morea janzteko ekintza xume eta erraza burutu genuen. Honekin gogorarazi genuen oraindik lan handia dagoela egiteko eta jakina, denok egin beharreko lana dela hori.


