Atzo izan zen Spainskills 2022 lehiaketaren inaugurazio ekitaldia eta gaurtik eta martxoaren 25era bitartean, Madrilgo IFEMA erakustazokan, hezkuntza-sistemako Lanbide Heziketako ikasleak edo titulatu berriak lehiatuko dira, eta datorren larunbatean, dominak emateko ekitaldiarekin itxiko da.
Ia 500 ikaslek eta LHko tituludun berrik parte hartuko dute Spainskills 2022an. Hiru jardunalditan zehar, parte-hartzaileek beren trebetasunak neurtuko dituzte lehiaketa ofizialeko 27 modalitateetan, garraioarekin eta logistikarekin, eraikuntzekin eta instalazioekin, fabrikazioarekin, informatikarekin eta komunikazioekin, sormen-arteekin eta zerbitzuekin lotuta.
Gainera, edizio honetan sei modalitate daude ikusgai: elkarlaneko robotika, robotika mugikorra, sistema robotiko integratuak, laborategi kimikoko teknologia, erakusleiho-apainketa eta merkaturatzea eta 4.0 industria.
Azken horretan Miguel Altuna Lanbide Heziketako Alex Castell eta Jon Ceciaga ikasleek parte hartuko dute 4.0 Industria lehiaketan. Ziur gaude ekitaldi horretan emaitza onak lortuko ditugula.Zorte on!


